Alboloteko (Granada) espetxean daude Agurtzane Delgado eta Ainhoa Mujika euskal presoak. Ermuko emakumeen asanbladaren agiriak azaltzen duen moduan 2017ko maiatzaren 18a geroztik isolamendu egoeran daude bi euskal presoak eta ez dakite noiz arte egon beharko duten bertan. Mujikak eta Delgadok bizi duten egoera oso larria dela salatu du Ermuko emakumeen asanbladak, euren eskubideak urratzen ari direla diote eta espetxe politika matxista eta diskriminatzailearekin amaitu beharra dagoela.
Protesta ekintza bat egiteagatik daude isolamenduan. Alboloteko espetxean emakumeak soilik behartzen dituzte komunak garbitzera eta egoera matxista eta diskriminatzaile hau salatzeko Mujika eta Delgadok uko egin zioten komunak garbitzeari. Horren ordaina da isolamendua.
Honela, bi euskal preso hauek zigor bikoitza betetzen ari direla salatu du Ermuko emakumeen asanbladak: “ideologia patriarkal eta matxistaren biktimak dira, eta euren bizi-baldintzei larriki eragiten dieten neurriekin zigortu dituzte”.
Baina egoera salatzeaz gain, Ermuko Udalari eskakizun zuzena egiten diote idatzi honetan: Alboloteko kartzelako zuzendariari eta instituzio penitentziarioetara gutunak bidaltzeko emakumeen kontrako jardute matxista diskriminatzaileokin amaitzea exijitzeko. Eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioari eta Emakunderi jakinarazi diezaiela zein den Ainhoa Mujika eta Agurtzane Delagdoren egoera.
Esan bezala, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik ere bat egiten dugu eskakizun hauekin, eta guk ere euskal emakume presoen eskubideak errespetatzea exijitzen dugu.