Guatemalatik ihes egin behar izan du Aura Lolita Chávez Guatemalako aktibista politikoak eta Euskal Herrian hartu du babes azken hilabeteotan.
Bizitzaren defendatzaile eta feminista moduan egindako lana dela eta Mugarik Gabe garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak proposatu zuen bere izena Ellakuria sarietarako. Epaimahaiak hala ebatzita gaur eman dio Euskal Jaurlaritzak Iganacio Ellakuria garapenerako lankidetzaren saria Lolita Chávezi, naturaren eta giza eskubideen defentsan egindako lanagatik.
Sari banaketan esker oneko hitzak izan ditu Chávezek bertaratu diren guztientzat, baina bereziki bere moduan euren jaioterria utzi behar izan duten kideak eta hauei babesa ematen diharduten taldeak izan ditu gogoan. Enpresa transnazionalei aurre egiteko eta bizitza duin bat izateko ezinbesteko urratsa dela dio herrien arteko elkartasuna.
Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan izan da sari banaketa eta behin ekitaldia amaitutakoan “mantala” deituriko erritual bat egin dute egoitzaren kanpoaldean. Haziekin osatutako irudi baten inguruan eta erabat babestuta esker hitzak izan ditu ahotan Chávezek. Baina salaketarako ere baliatu du: injustiziek eta feminizidioek eguneroko ogi izaten jarraitzen dutela dio Latinoamerikan, beraien lurraldean, eta enpresa transnazionalak seinalatu ditu erantzule gisa. Honi aurre egin beharra dagoela azpimarratu du. Arbasoengandik ikasi eta gaur egun gaudenongatik eta etorriko diren belaunaldiengatik lurra zaindu eta eskubideak defendatzeko gure konpromisoa berrestea eiznbestekoa dela esan du.
Ziurtasun osoz dei egin die bizitza duin baten sarean sinesten duten guztiei, denok batera bizirik jarraitu dezagun. Eta bere ohiko esaldia errepikatuz amaitu du hitzartzea txalo artean: “Bizirik nahi garelako, aske nahi garelako!”
Hilabeteotan babesa eman dioten erakundeek ere hartu dute hitza gaurkoan eta irakurketa bateratu bat kaleratu dute eta Eusko Jaurlaritzari eskaera zuzena egin diote bitartekari lanak egin eta esku hartu dezala Lolita Chávezen egoeran Guatemalako gobernuari presio eginaz.