Feminist Asylum: emakume*, neskatila eta LGBTIQA+ pertsonen asilo-arrazoi zehatzak benetan onartzearen alde
Emakume, neskatila eta LGBTIQA+ pertsonek arrazoi zehatzak dituzte jatorriko herrialdetik ihes egin eta Europan asiloa eskatzeko: sexu-indarkeria eta indarkeria sexista —batez ere etxeko indarkeria, sexu-esplotazioa, ezkontza behartua, genitalen mutilazioa, pertsonen salerosketa, lege diskriminatzaileak, arbuioa eta seme-alabengandik urruntzea—.
Ihes egitean, erbesterako bidea hartzean, indarkeriaren eta esplotazioaren mehatxua gainean izaten dute uneoro; sistematikoa da hori. Izan ere, migratzeko bidean, denetik jasaten dute: sexu-indarkeria trafikatzaileen aldetik edo errefuxiatu-eremuetan, sexu- edo lan-esplotazioa eta pertsonen salerosketa igarotzen dituzten herrialdeetan —baita Europakoetan ere—, mehatxuak, traumatismoak eta arrisku handiak seme-alabentzat. Eta Europara iristean, egokitu gabeko asilo-prozedurarekin eta harrera bidegabearekin egiten dute topo!
Nolanahi ere, Gizakien salerosketaren aurkako borrokari buruzko Hitzarmenean ezarrita dagoenez, 2008tik Europan derrigorrezkoa da asilo-prozedurak duintasunez eta eraginkortasunez bermatzea. Era berean, 1951ko Genevako Konbentzioan ezarrita zeuden asilo-arrazoiei beste batzuk gehitu zitzaizkien 2011n, Europako herrialde guztiek sinatutako Istanbulgo Hitzarmenaren bidez, eta genero-arrazoiek eragindako emakumeen kontrako jazarpena eta indarkeria ere hartzen dira kontuan. Beraz, nazioarteko babesa eskubidea da!
Baina, egia esanda, Europako herrialdeek oso gutxitan betetzen dituzte hartutako konpromisoak. Ez dituzte kontuan izaten genero-indarkeriarekin lotutako asilo-eskaeren arrazoiak, kasu partikular bakoitzari erreparatu eta aztertzeko baldintzak ez direlako egokiak indarkeria-modu espezifikoak antzemateko, edo, estatuetako agintarien ordezkariek muzin egiten diotelako harrera-betebeharrari.
Guk, Europan bizi garen militanteok, gauzak aldatu daitezen nahi dugu. Ez dugu onartzen genero-arrazoiek eragindako indarkeriaren biktimak mespretxatzen jarraitzea, babestu beharrekoak baitira. Europako agintariek geure ahotsa entzun dezaten nahi dugu, emakume, neskatila eta LGBTIQA+ pertsonen asilo-arrazoi zehatzak behin betiko onar daitezen. Gaur, 2021eko azaroaren 11n, Europako herriei dei egiten diegu, gure herritarren ekimena babestu eta www.feministasylum.org webgunean zenbait hizkuntzatan azaltzen den Europako eskaera sina dezaten.
Eskaera Europako Batzordeari, Europako Parlamentuari, Kontseilu Europarrari eta Schengen eremuko estatuetako gobernuei zuzenduta dago. Dokumentuak neurri zehatzak eskatzen ditu Europan eta Schengen eremuan sinatuta dauden nazioarteko hitzarmen guztiak alferrikakoak izan ez daitezen.
Gure eskaera:
Feminist Asylum koalizioak plazaratu du eskaera. Migratzaileen eta emakume, neskatila eta LGBTIQA+ pertsonen eskubideen alde diharduten mugimenduek, taldeek, elkarteek, alderdiek eta sindikatuek osatzen dute koalizioa.
Sinadurak biltzeko kanpainak 6hilabeteko iraupena izango du, eta, epe horretan, beste herritar-talde batzuek eta norbanakoek aukera izango dute Europako herrialdeen itxiera-politikak bertan behera uzteko eskaeraren alde agertu eta babesteko.
Europako herrialdeek badituzte baliabideak benetako asilo-lurralde bat sortzeko. Jatorriko herrialdean edo erbesterako bidean indarkeria sexista edota sexuala jasan duten pertsonek asiloa jaso behar dute, eta bizitza segurtasunez berregiteko harrera- eta arreta-baldintza egokiak behar dituzte. Erabat gaitzesten ditugu gure munduan egoerarik ahulenean dauden pertsona batzuei eragiten dieten bazterketa- eta heriotza-politikak. Borrokan jarraituko dugu duintasunez eta seguru bizitzeko eskubidearen alde, mundu osoko emakumeen eta LGBTIQA+ pertsonen funtsezko eskubidea baita.
Dokumentuak hemen: https://drive.google.com/drive/folders/1rO5iT7gh7kATJlJhPNtL0XgDyOsEnDrU?usp=sharing