Urriak 12ko goiz partean, 37 urteko emakume bat 42 urteko senarrak hil du Gasteizen, Sansomendi auzoan. Labankadaz erail du emakumea, seme-alabak etxebizitzan zeuden bitartean. Ondoren erasotzaileak bere buruaz beste egin du.
Beste erailketa matxista baten kolpea jasota hasi dugu eguna gaur, eta amorruz utzi gaitu berriak, nazkatuta… aski da! Beste erailketa bat gehiago, beste emakume bat gutxiago…noiz arte? Berriz ere kalera aterako gara, behingoz emakumeon aurkako sarraski hau amaitu dadin.
Presazkoa da ekintzetatik praktikara salto egitea berehala, indarkeria matxista errotik sostengatzen duten genero sistema eta botere harremanak deuseztatzeko. Izan ere, erailketa hau ez da fenomeno isolatu bat, bizi garen jendartearen antolaketa sakonki sexistaren emaitza baizik.
Egoera jasangaitza da, eta dei egiten diegu eragile sozial, ekonomiko, instituzional, politiko zein kultural guztiei indarkeria matxistaren aurka tinko borrokatzeko, gaitz honen aurrean arduraz jokatzeko. Izan ere, norbanako zein kolektiboen ardura da indarkeria matxistarekin amaitzeko benetako urratsak ematea, eta horretarako ezibestekoa da denok lehen mailako arazotzat hartzea.
Emakumeen Mundu Martxatik, geure aurkako bortizkeria honen aurrean,
mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, azken erailketa matxista hau gogor salatzeko.
Honekin batera autodefentsa feministaren aldeko deia egiten jarraitzen dugu, gure bizitzak jokoan baitaude eta horiek defendatzea besterik ez dugulako.
Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denok aske izan arte!
ERASOEN AURREAN DENAK KALERA!
ASKI DA!
ERASO SEXISTARIK EZ, EZ EUSKAL HERRIAN EZ INON!
Elkarretaratze desberdinen deialdiak:
Gasteiz urriak 13, 19:00tan Andra Mari Zuriaren plazan
Bilbo urriak 14, 19:00tan Arriaga plazan
Donostia urriak 14, 19:00tan Bulebarrean
Iruñea urriak 14, 20:00tan Udaletxe plazan