Bilatu edukietan

Irailak 1: 24 orduko nazioarteko elkartasun feminista Afganistango emakumeekin eta herriarekin

Zabaldu

Nazioarteko elkartasun feminista Afganistango emakumeekin eta herriarekin: Talibanei ez! Inperialismoari ez! 

Emakumeen Mundu Martxako emakumeok, mugimendu feminista, internazionalista eta antikapitalista garen aldetik, elkartasuna adierazten diegu Afganistango emakumeei eta herriari, eta bat egiten dugu haiek bizi duten egoera gaitzesteko ahots guztiekin. 

Elkartasuna adierazten diegu geure ahizpa afganistandarrei, haien bizitzak arrisku are handiagoan baitaude gaur egun, estatuek zein talibanek eta antzeko talde fundamentalistek eragindako indarkeriaren eta ziurgabetasunaren ondorioz. Estatu Batuek euren interesak babesteko talibanak finantzatu eta azken 20 urteotan Afganistango lurraldea okupatu ondoren, handik irteten ari dira orain, afganistandarren segurtasuna eta bizitza kontuan hartu gabe. Ondorioz, gerra zibilaren atarian dago orain herrialdea. 

Estatu Batuetako azken lehendakariek Nazioarteko Justizia Auzitegi baten aurrean kontu eman beharko lukete, beren krimenak direla eta: George W. Bush-ekin hasita, berak ekin baitzion Afganistango okupazioari gezurrak erabiliz, eta Joe Biden-ekin amaituta. Haiek sortutako triskantza sekulakoa izan da, eta argiro erakusten du inperialismoarentzat herriek eta gure lurraldeetako bizimoduek ez dutela deus ere balio. 

Badakigu hainbat hamarkadatan gerra eta botere-borroka ugari izan direla herrialde hartan, eta, orain, argi dago beste manipulazio baten biktima dela. 2001ean, Washingtongo atentatuen ostean, EMMtik agerian jarri genituen AEBren eta gainerako herrialde interbentzionisten kontraesanak, «terrorismoaren aurkako borrokaren» diskurtsoari dagokionez. Orain Afganistanen gertatzen ari dena hipokresia horren isla da. 

Emakumeok behin eta berriro aldarrikatzen dugu munduan gertatzen diren indarkeria-mota eta terrorismo-ekintza guztien aurka gaudela, eta horien artean kokatzen ditugu herrialde batzuen gerra humanitario edo intentsitate txikiko gerra deiturikoak, herrien demokraziari eta subiranotasunari egindako erasoak, blokeo ekonomikoak, okupazio kolonialak, politika sionistak eta zapalkuntza arrazista eta patriarkala. 

Badakigu, esperientziak halaxe erakutsi baitigu, edozein gatazka armaturen lehen biktimak emakumeak eta neskak direla, herritar pobreekin eta komunitate arrazializatuekin batera. NATOko indarren esku-hartze militarren ondorioak ezagutu ditugu eta, orain, AEBko tropen erretiratze arduragabeak erakusten du herri afganistandarra pobrezia izugarrian bizi dela. 

Inoiz ez da izan demokrazia eta giza eskubideak defendatzeko benetako interesik, baizik eta interes politiko eta ekonomikoak defendatzekoa; hain zuzen ere, Afganistan eta beste herrialde batzuk tresna gisa erabiltzen dituzte beren interesak ezartzeko, eta, helburu horrekin, talde estremistak eta fundamentalistak finantzatzen dituzte. 

2000. urtean nazioarteko erakundeetara jo genuen, gatazka horiek emakume eta herrien bizitzan eragindako bortxaketak salatzeko, eta erantzuleak eta haien interesak identifikatu genituen. Interes horiek oso ondo artikulatzen dituzte nazioz haraindiko enpresek, armamentu-industriak, gobernu ustel eta autoritarioek, erlijio-sektore fundamentalistek eta krimen antolatuak, kapitalismo kolonialista eta patriarkalaren bidez.  

Guk, Mundu Martxako emakumeok, irmoki salatzen ditugu gatazka horien ondorioz Afganistango eta munduko emakumeek jasaten dituzten indarkeria eta bidegabekeriak. Gure gorputz eta lurraldeekiko errespetua aldarrikatzen dugu! Bukatu da munduko gatazka guztien zama gure bizkar gainean eramatea! 

Gobernu guztien erantzukizun handiagoa eskatzen dugu, egungo krisiaren ostean esku-hartze militarrik ez izateko, uneko eraso eta okupazio militarrak bertan behera uzteko, asilo-eskubidea bermatzeko eta errefuxiatuak euren jatorrizko herrialdeetara itzuli ahal izateko. Era berean, arma-ekoizpena eta -salmenta debekatzeko eskatzen dugu, bai eta estatuek armagabetze-politikak ezartzeko ere, arma klasikoei, nuklearrei eta biologikoei dagokienez. 

Gure ahotsa ozenki altxatzen dugu bizitza eta elkartasuna babestuko dituen gizartea eraikitzeko deialdi honetan. Buka daitezela emakume afganistandarren aurkako zapalkuntza eta jazarpena! Gutxieneko giza eskubideak berrezartzeko eskatzen dugu, Afganistango emakumeek herri osoarekin batera parte hartu eta beren bizitza garatu ahal izateko. 

Martxan jarraituko dugu harik eta denok aske izan arte! 

Emakumeen Mundu Martxa, 2021eko abuztua

Tags:

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *