Bilatu edukietan

Gizon batek emakume bat erail du Irunen

Zabaldu

Zoritxarrez, urtea hasi zenetik hilabete eskas pasa den honetan, bigarren aldiz aktibatu behar izan dugu Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxako erailketen aurkako protokoloa. Izan ere, otsailaren 4ean, Irunen, 47 urteko gizon batek bere ama sastakatu zuen, eta ordu batzuk geroago hil zen, zauri larrien ondorioz. Urte berri honetako bigarren hilketa matxista salatzen ari gara.

Lehenik eta behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, lagun eta gertukoei. Ez zaudete bakarrik.

Nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude, baina, prest gaude erantzuteko eta Euskal Herriko edozein txokotan gertatzen diren hilketa matxista guztiak salatzera kalera ateratzeko. Prest gaude erakundeei eraso matxista bat gertatzen den bakoitzean minutu bateko isilunea egitea baino zerbait gehiago egiteko eskatzeko, eta indarkeria matxistaren konplize den orori ardurak exijitzeko, gizonei bereziki.

Jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakari bat gehiago da hau. Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla. Baina, indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu; indarkeria matxista da emakumeon* diru iturriak kontrolatzea, indarkeria matxista da kaletik begiradarekin akosatzea, indarkeria matxista da eraso bat salatzen dugun bakoitzeko gure hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista da gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea eta hartu beharreko ardurei entzungor egitea, eta indarkeria matxista dira egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabe bat, zoritxarrez.

Oraingo honetan, semea izan da ama erail duena. Emakumeak emakume izateagatik erailtzen gaituzte eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazkoa mekanismoak behar ditugu hemen eta orain. Egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu.

Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan! Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak.

Gu ez gara isilduko, erasorik ez erantzunik gabe! Feministok erantzuteko prest gaude! Lotsa eta beldurra aldez aldatzen hasi da, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte! Azkenik, dei egiten dugu Irunen nahiz Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. Adi mobilizazioei.

Erailketa matxistarik ez! Denak aske izan arte, martxan jarraituko dugu!GORA BORROKA FMEINISTA!

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *