Bilboko eta Getxoko erailketen harira Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik egiten dugun adierazpena:
2022a ilun amaituko dugu indarkeria matxistari dagokionean. Getxoko kide transaren erailketagatik amorru betean geundela, emakume bat eraila izan da Bilbon. Honekin batera, lau izan dira aurten Euskal Herrian erail dituzten emakumeak*, eta azken hau ere, ez da kasu isolatu bat, egunero kolpatzen eta erailtzen gaituen sistema baten ondorio krudelena baizik.
Euskal Herriko mugimendu feministatik beste behin salatu nahi dugu sistema hori emakumeenganako* egiturazko indarkeria matxistari esker sostengatzen dela. Erailketa da indarkeria horren muturreko adibide gordinena, baina egunerokotasunean beste hamaika forma hartzen ditu indarkeria instituzionalean, laneko indarkerian, harremanetako indarkeria psikologiko nahiz fisikoetan, jai giroko eraso matxistetan…Nazkatuta gaude!
Nazkatuta gaude erasotuak eta erailak izateaz! Indarkeria sexistari aurre egiteko lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Indarkeriarik gabeko bizitzak eraiki ditzagun!
Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak eta bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugulako. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!
Antolatu eta batu mobilizazioetara!
Aski da! Erailketa matxistarik ez!
Euskal Herrian, 2022ko abenduaren 28an