Bilatu edukietan

Euskal Herriko mugimendu feministak M8an dena aldatu eta sistema arrakalatzeko deia egin du

Zabaldu

Komunikatua:

Bi urte igaro dira azken Greba Feministan planto egin eta bizitzak erdiguneratzeko beharra aldarrikatu genuenetik. Urtebete igaro da jada azkenengo martxoaren 8tik, antolatu eta borroka feministara batzeko deia egin genuenetik. Ordutik, Covid19ak eragindako izurrite testuinguruak, sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu ditu. Lehertu dena, ez baita osasun-krisia soilik.

Herritarron osasunaren gainetik, Gobernuetatik kapitala lehenetsi da berriz ere. Mugak eta kaleak militarizatuta ikusten ari gara, abusu polizial eta instituzional arrazistak jasan ditugu, ehunka kide kaleratuak izan dira edo kaleratze arriskuan daude, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik, agerian geratu da Euskal Herrian bertan erabakiak hartzeko ahalmen eza, espazio okupatuak desalojatu dituzte, indarkeria matxistak ez du etenik izan eta krisialdiak eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan.

Aurten inoiz baino gehiago, sistemari arrakalak sortzeko konpromisoa adierazteko asmoz antolatu dugu martxoaren 8a. Osasun prebentziorako neurriek zein mugikortasun mugek ohikoak ditugun mobilizazio erak zailtzen dizkigute, baina kaleak salaketarako espazio izateko modua bilatuko dugu.

DENA aldatu, sistema arrakalatu” diogu. Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministan orain ez gara isilik eta geldi egongo. Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko.

Egunetik egunera gaurkotzen eta indartzen goaz mugimendu feminista. Gure arteko arrazakeria bistaratu eta landuz, herri eta auzoetan aliantza sareak ehunduz, borrokarako espazioak zabalduz, mundu mailako ekintzetan parte hartuz… Euskal Herrian eta Euskal Herritik DENA aldatzeko lan egingo dugu. Aurtengo martxoaren 8an ere, erdigune eta bazter guztietan mobilizatuko gara.

Donostian, arratsaldeko 18:30ean Antiguako tuneletik hasiko da manifestazioa. Gasteizen, 19:00etan San Anton plazatik. Baionan, 12:00etan izango da manifestazioa Ospitaletik hasita. Bilbon 19:00etan Jesusen Bihotzetik. Eta Iruñan, 20:00etan izango da auzo denetan. Hiriburuez gain ere, herrietan hamaika deialdi egingo dira.

Beraz, dagokigun arduraz jokatuta, datorren martxoaren 8an kaleak eta plazak hartzera animatzen ditugu emakumeak, trans eta bollerak. Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antirrazista eraikitzera goaz, GORA BORROKA FEMINISTA!

Tags:

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *