Bilatu edukietan

Pandemiatik elkarrekin irteteko eta sistema aldatzeko mugaz haraindiko manifestua

Zabaldu
(en la galería en castellano)

EZ gara normaltasunera itzuliko, normaltasuna bera baitzen arazoa: mugimendu feminista eta transfeministak, munduko osasun, ekonomia eta ekosistema krisi berri honen aurrean, ez du isolamenduaren aurrean amore emango, eta koronabirusaren aurrean gure lurraldeetan gauzatzen ari diren murrizketa neurrien aurrean ez ditu bere borrokak isiltzen. Mundu guztian emakumeak, lesbianak, trabestiak, transak eta ez-binarioak daude, pandemiak biziagotu dituen bortizkeriak jasateari uko egiten diotenak eta antolatzen hasiak direnak bere praktika matxinoak elkar-lotuz, azken urteetako greba feministen potentziak indarberrituta.

Krisialdi honek patriarkatu kapitalista eta kolonialaren zapalkuntza, esplotazio eta desberdintasunak eragindako bortizkeri, hierarkia eta sustrai estrukturalak agerrarazi eta biziagotzen ditu, zeinaren kontra beti borrokatu dugun eta beti borrokatuko dugun. Hain zuzen, krisi honek zabaldu dituen tentsio eta hausturetan, erresistentzia eta elkartasun modu berriak sortzen ari dira, hauetara gehitu eta globaltasunean gure ahotsa modu kolektiboan entzunarazi nahi dugu, elkarrekin isolamendutik atera gaitezen eta paradigma zapaltzaileak ahuldu ditzagun, ezagutza eta prakatika feministak, trasfeministak eta antipatriarkalak aitortuz.

Koronabirusak guztiak astintzen gaituen arren, pandemiaren eraginak bereiziak dira, are gehiago mugaz haraindiko ikuspegi batetik begiratzen badugu, non emakume, lesbiana, trabesti, trans eta ez- binario moduan kokatuta gauden.

Etxean geratzeko esan ziguten, kontuan hartu gabe etxeak ez direla leku seguruak gutako askorentzat eta pertsona batzuek etxerik ere ez dutela.

Feminizidioak eta emakumeenganako indarkeria eta disidentziak areagotuz joan dira krisi honen hasieratik, eta berrogeialdiko neurriek eta etxeratze-aginduek are zailago egin dute guretzat indarkeria matxistaren aurrean matxinatzea eta askatasunerako eta autodeterminaziorako borondatea adieraztea.

Krisiak erreprodukzio baldintza material desberdinei erasotzen die, eta, batez ere, emakumeen eta disidenteen lan produktiboa eta erreproduktiboa areagotu eta prekarizatu egiten ditu: emakumeak beti ikusezin bihurtu eta esplotatu diren bitartean, orain agerian geratzen da haien beharra, begi bistan utziz duten zentralitate politikoa, guk beti adierazi dugun eran.

Alde batetik, sistema patriarkalak adineko pertsonen eta haurren zaintza uzten du emakumeengan, etxeko lanen pisua handituz. Bestalde, emakume asko daude – erizainak, sendagileak, garbiketako langileak, kutxazainak, langileak, farmazialariak – larrialdi honetan lehen lerroan egon behar dutenak, beren osasunerako kaltegarriak diren baldintzetan lan eginez, ordutegi luzeekin eta, askotan, soldata txarrekin.

Etxeko lanak eta zaintzak, bai eta lan prekario edo informal asko ere, emakume migratzaileek, afro-ondorengoek, beltzek edo indigenek egiten dituzte, eta, orain, kaleratuak izateaz gain edo mediku-gastuak ordaintzeko edo haiei eusteko aukerarik gabe geratzeaz gain, baizik eta bizileku-baimenik gabe daude ere, eraso arrazisten aurrean ahulago, eta osasun- eta ekonomia-ondorioak eta kutsatzea jasateko arrisku handiagoa ere badutela. Izan ere, sarritan eremu jendetsuenetan eta pobreenetan bizi dira.

Horrela, alde batetik, gure bizitzak sakrifikatzen dira krisi honi eusteko, eta, bestetik, produktibotzat hartzen ez diren gorputzak, baita dibertsitate funtzionala duten pertsonenak ere, erabat ikusezin eta babesgabe daude.

Komunitate indigenetan eta jatorrizko herrietan, emakumeek areagotu egin dute bizitzaren zaintza eta sostengu lana, eta, aldi berean, beren lanarekin, hiriak sostengatzeko beharrezkoak diren elikagaiak ekoizten jarraitzen dute, elikagaien mobilizazioan eta ekoizpenean duten rol nagusia azpimarratuz eta pandemiari aurre egiteko elkarri laguntzeko neurriak garatuz.

Zenbait herrialdek soilik bere lanak beharrezkotzat jotzen dituenean irekitzen dituzte mugak, pandemiaren garaian nekazaritzako elikagaien katea ziurtatzeko. Bitartean beste herrialde batzuek, bai migratzaileei eta bai bere biztanleei, mugak ixten dizkiete, iheslari esparru gainbeteetan utzita, osasun eskubideak urratuz eta bere lurraldera itzultzea galaraziz.

Gerra-fronte eta erresistentziako lurralde anitzetan, kurdua eta palestinarra bezala, inbasioek eta okupazio inperialista eta patriarkalek tratamendu egokiak jasotzeko aukerak zailtzen dituzte, emakume kurduen iraultzaren eta nagusitasun kolonial eta patriarkaletik askatu nahi diren emakume guztien borrokaren aurkako erasoak biziagotuz.

Gaur egun, osasuna eta bizitza, kontu kolektibo bezala baieztatzen diren, eta erdigunean kokaturiko gai politiko diren bitartean, politika neoliberalez beteriko urteek erantzunkizun indibidualeko kudeaketako logika inposatu dute, sakontasun maila desberdinekin: herrialde askotan, osasun sisteman eta babes sozialean murrizketak egin dira, milaka pertsona botika gabe utziz eta elkartasun eta elkar babesteko sareak sortzera bultzatuz Estatuen gabeziei aurre egiteko. Beste herrialde batzuetan, ordea, ez da inoiz osasuneko eta babes sozialeko sistema publikorik egon. Hauetan, egoera asko larriagotu da, are gehiago, laztasun-plan eta doikuntza ekonomikoen aplikazio orokorrarekin.

Gainera, zenbait kasutan krisi egoerari etekina ateratzen ari zaio emakume eta disidentzien eskubideak eta sexu eta ugaltze askatasunak oraindik gehiago murrizteko. Beste begirada batetik, neoliberalismoak bere aurpegi basatiena erakusten ari da indar armatuek lurralde indigenen hiri eta nekazal inguruneen militarizazioarekin eta sekurizazioarekin, presentzia poliziala areagotu baitituzte. Hauek larrialdi egoera eta jada lehenagotik  gobernuak ezaugarritzen zituen hauskortasun demokratikoa aprobetxatzen ari dira edozein errebolta-arrasto isilarazteko, sortzen ari diren elkartasun sareak kriminalizatzeko eta autoritarioagoa eta zapaltzaileagoa bilakatzen ari den Estatuaren aginte-katea ziurtatzeko.

Eta, azkenik, oraindik nabariago egiten ari da, ez dela posible ingurunearen eta ekosistemen suntsipena onartzea, ezta espezie bizi eta baliabide natural oro kapitalaren onuraren mende jartzea. Honek guztiak koronabirusaren hedapena posible egin duten desoreka guztiak laguntzen baititu.

Estraktibismoak, elikagaien eskala luzeko ekoizpen industrialak, monolaborantza intentsiboak eta kutsadurak milioika pertsona aurrekaririk gabeko elikagai krisialdira kondentazen ditu.

Pandemia agerian uzten ari da gizartearen antolaketa kapitalista, patriarkal eta kolonialaren jasangarritasun ezintasuna, eta horrekin batera aurretik zegoen neoliberalismoaren krisia. Gure borroka ez da soilik kutsatzeko arriskuaren aurrean gure biziraupenera bideratu behar. Konponbideak aurkitu behar ditugu honek ekarriko dituen ondorio itzelei erantzuna emateko; izan ere, egoera honek ondorioak izango ditu gure baldintza ekonomikoetan zein materialetan.

Gobernuen erantzunak guztiz eskasak direla uste dugu eta osasungintza finantzatu beharrean, enpresak finantzatzeko hartzen diren erabaki politiko guztiak gaitzesten ditugu. Horietako asko, gainera,  erauzketa-proiektuak sendotzeko bideratzen dira pandemia aitzakia hartuta. Estatuaren neurriak heterogeneoak diren arren, krisiari ematen zaion erantzun kapitalistak logika bera jarraitzen du mundu osoan: irabaziak garrantzitsuagoak dira gure bizitzak baino. Hala, gure bizkargainean ezartzen ari da krisiaren kostu guztia eta ondorioak ez dira behin-behinekoak izango. 

Ez dugu larrialdi honetatik are eta zorpetuago eta txiroago atera nahi! Krisiaren mugaz gaindiko irtenbide feminista bat nahi dugu, berriro ere arrakalan eta indarkerian oinarritzen den ‘normalitate’ batera ez itzultzeko. Auzo herrikoi guztietan ari dira ekimen zaratsuak antolatzen feminizidioen zein etxeko indarkeriaren areagotzea salatzeko. Mundu osoan, etxeko langileak beraien erabateko prekarietatea eta eskubide eza salatzen ari dira. Erizainak eta doktoreak protestan ari dira babeserako baliabide eza dela-eta, eta beraien biziak ez daudela edozein preziotan salgai aldarrikatzen dute. Biltegi logistikoetako zein fabriketako langileak, berriz, greban daude uko egiten diotelako beraien osasuna enpresen interesen mesedetan sakrifikatzeari.  

Komunitateetan, emakume indigenek  erauzketa proiektuen ezarpenaren eta lurraldeen eta balibideen metatzearen aurka borrokan jarraitzen dute. Borroka honengatik atxilotuak eta kartzelaratuak izan direnak, gune militar eta zeharo arrazista batean bizi dituzten itxialdiaren egoera gizagabeak salatzen ari dira. Alde guztietatik, afro-ondorengo emakumeek eta beltzek pandemia honen aurrean ematen ari den kudeaketaren arrazakeria instituzionala salatzen ari dira eta bestetik, migranteek, paperak erreklamatzen dituzte esplotazioa eta indarkeria areagotzen dituzten baldintzen menpe gehiago ez egoteko.

Sexu langileak beraien lanbidearen deskriminalizazioa exijitzen dute laguntza sozialetatik baztertuak izan ez daitezen eta, era berean, sistema patriarkal kapitalista kolonial honek estigmatizatu ez ditzan.

Rojavan, emakume kurduek, gerraren aurkako erresistentzia historiko batean murgildurik ere, mugetatik haratago, beraien auto-antolakuntza konfederala eta osasun komunitarioaren indartze eta ekonomia auto-gestionatu eta ekologikoaren sareak zabaltzearen estrategiaz erantzuten diote pandemia honi.

Eskura ditugun baliabideek eragindako egoera ezberdinak, hizkuntza aniztasuna, jardute heterogeneotasuna eta diskurtsoen konplexutasuna kontuan harturik, sostengua ematera, indartzera eta geure borrokak, erresistentziak eta elkartasun formak elkarrekin lotzeko konpromisoa hartzen dugu eta baita, maila globalean, espontaneoki, eratzen ari diren guzti horiekin ere, horiek izango baitira gure etorkizunera begirako ekimena bultzatuko dutenak.

Azken lau urteetan greba feminista globalak erakutsi digu elkartuta gaudenean “normaltasun” patrialkal eta zapaltzailearen aurka matxinatzeko indar gehiago daukagula, eta orain, inoiz baino gehiago, gure hamaika ahotsak norabide berdinerantz mugitu behar ditugula, pandemiak inposatzen digun haustura ekidin ahal izateko. Momentu honetan ezin ditugu kaleak gure potentzia feministarekin gainezkatu, baina gure amorru guztia esplotatzen, zapaltzen eta erailtzen gaituen sistemaren bortizkeriaren aurka oihukatzen jarraituko dugu, errudunak seinalatuz, eta borrokaren lehen lerroetara are gehiago izanda itzultzeko.

Modu kolektiboan eta hedakorrean ehuntzen ari garen mugaz gaindiko askapen feministarako prozesu hau ez dugu geldiaraziko eta borrokan jarraituko dugu nahi dugun eta desiratzen dugun bizimodua eraikitzeko. Indarkeria patriarkala, esplotazioa, arrazakeria eta kolonialismoa gaitzesten duten guztiei mobilizatzera eta gurekin bat egitera dei egiten diegu, borroka feminista globala aberastera eta indartzera, elkarrekin pandemia honetatik irtetea lortuko dugu eta gainera dena aldatzeko gai izango gara.

GORA BORROKATZEN DUTENAK!

MUGAZ HARAINDIKO FEMINISTAK

Manifesto_feminista_transfonterizo_page-0002

Picture 2 of 7

 

Tags:

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *