120 emakume* baino gehiagok hartu dute parte Iruñean egin berri ditugun Formazio Jardunaldi Feministetan. Ostiral arratsaldean hasita indarkeria matxistaren aurpegi ezberdinak izan genituen hizpide jardunaldian. Horretarako orain arte ezkutuan egon diren hainbat kolektibori eman nahi izan genien hitza, euren ekarpena egin zezaten: aniztasun funtzionala duten emakumeak, emakume migranteak, zein LGTBI mugimenduko kideak. Horrez gain, Karina Ochoa Mexikoko soziologoak indarkeria matxistari ikuspegi dekolonialetik begiratzen lagundu zigun.
Larunbatean, berriz, hainbat herritako burujabetza prozesuak jarri genituen mahai gainean: Kurdistangoa, Eda Uzgunen eskutik, Guatemalako jatorrizko herriena Aura Cumesen bidez, eta azkenik, Edurne Epelde Bilgune Feministako kideak Euskal Herritik hitz egin zigun, burujabetza eta osatze feministaren inguruan.