Iruñean 2016an gertatutako bortxaketaren inguruko sententziak haserrea piztu du Euskal Herrian. Bost gizonek emakume bati taldean egindako erasoa sexu abusu delitua dela ebatzi du epaiak, eta ez dela bortxaketa. Euskal Herriko mugimendu feministak justizia patriarkarra ikusi du ebazpen honen atzean. Sistema honen ordena patriarkar eta misoginoa iraunaraztea helburu duen justizia hau salatzeko, mobilizazioak egin dira hainbat herri eta hiritan.
Erasoa gertatu eta ia bi urtera eman dute 2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoari buruzko epaia. Sexu abusu delituagatik zigortu dituzte bost gizonak, eta bederatzi urteko kartzela zigorra bete beharko dute, eta 50.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiote biktimari (Berria).
Epai hau dela eta, mugimendu feministatik honakoa adierazi nahi dugu:
– Hasteko eta behin, sinesgarritasun eta aitortza kolektiboa egiteko bildu gara gaur hemen. Bortxaketa izan zela ez dugu zalantzan jartzen, erasotzaileek, bai biolentzia, bai intimidazioa erabili zituzten erasotua bortxatzeko. Hortaz, nahiz eta, justizia instituzioek hori ez aitortu, guk sinisten dizugu.
– Larritzat jotzen dugu bortxaketa gisa ez aitortzea 2016ko san ferminetan bost gizonek emakume bat behartu eta bortxatu izana. Horrek, argiki erakusten du, beste hainbatetan gertatzen den moduan, epaitegiak ez daudela emakumeon gorputzaren eta bizitzaren gaineko askatasuna defendatzeko, eta, bai, aldiz, sistema honen ordena patriarkala eta misoginoa iraunarazteko. Horregatik, egoera honek argiki mahai-gaineratzen du, baita beste askok ere, urgentziaz, egungo sistema judizialaren inguruko gogoeta herritar bat behar dugula.
– Hala ere, adierazi nahi dugu emakumeon aurkako eraso sexistak eguneroko errealitate direla gurean, indarkeria sistema kapitalista patriarkal honek duen ezinbesteko tresna baita, jendartean dauden botere-harremanak iraunarazteko.
– Horregatik guztiagatik, mugimendu feministatik ozen salatu nahi dugu epai hau, eta , baita, oro har, emakumeon aurkako biolentzia. Eta orain arte bezala, segiko dugu borrokan eta autodefentsa feministaz, emakumeok ahalduntzen. Baina argi dugu, hau ez dela emakumeon arazoa soilik, hau arazo politiko bat da, hortaz, irtenbideak askotariko eremuetatik jorratzea ezinbestekotzat jotzen dugu; bai eskoletan, bai etxeetan, bai instituzioetan, bai epaitegietan,… Konpromiso politikoa eta soziala beharrezkoa dira, egiturazkoa den emakumeon kontrako biolentziari aurre egiteko.
Gora borroka feminista!
Bati erasotzen diotenean, guztiei erasotzen digute!