Zer gertatuko litzateke emakumeok egiten duguna egiteari utziko bagenio? Ez gara lan asalariatuaz soilik ari, sustengo afektiboa, dependentzia duten pertsonen zaintza lanak, hezkuntza, biziraupenerako nekazaritza… Zer gertatzen da sistema honek ezkutatu nahi duen lan hori guztia gelditzen bada? Martxoaren 8an ikusiko dugu.
Euskal Herriko mugimendu feminstak emakume guztiei egin die deia, martxoaren 8an utzi diezaiotela egunerokotasunean egiten dutena egiteari eta batu daitezela mobilizazioetara. Sistema kapitalista, arrazista, klasista eta heteropatriarkar honek lanaren birbanaketa sexuala erreproduzitzen dituela salatu dute. Hori gutxi balitz, langintza feminizatuekin zerikusia duten zereginak gutxietsi eta ikusezin bihurtzen ere jarraitzen duela. Honekin amaitzeko, Euskal Herrian soilik ez, nazioarte mailan 70 herrialdetan deitu dute martxoaren 8rako emakume greba.
Berdintasun eza nagusi den testuinguru honetan, eguna joan eta eguna etorri emakumeon aurkako indarkeriaren testigu garela salatu du Euskal Herriko mugimendu feminstak. Biolentzia arrazista, kapitalista, sexista zein klasista etengabe gure gorputzetan elkargurutzatzen ari dira, sistema bera birproduzituz.
Beraz, martxoaren 8rako greba deialdia egin eta egun osorako mobilizazioak deitu dituzten Euskal Herriko hiri zein herrietan. Lan arloan, ikasketetan zein kontsumoan greba egitera animatzen dituzte emakumeak. Proba dezagun zer gertatzen den emakumeok dagozkigun lanak egiteari uzten diogunean. Egin dezagun planto!