Turkiako gobernuaren erasoaldiak ez du etenik, eta 2015eko abiatutako jazarpena areagotu egin da azken hilabeteetan. Ankararen azken erasoek emakumeen eskubideen alde zein Turkiako estatu zapaltzailearen kontra aritzen diren militante feministak jo-puntuan izan dituzte.
2016ko urtarrilean, Seve Demir, Pakize Nayır eta Fatma Uyar kide kurdoak erail zituen Turkiako poliziak buruan tirokatuz. Demir, EMMko sustatzailea izan zen. Pasaden apirilean polizia berdina Kurdistango KJAren (Emakume Askeen Kongresu) Amedoko egoitzan sartu eta material guztiak konfiskatzeaz gain, 6 militante feminista atxilotu eta 4 espetxeratu zituzten. Azaroa hasieran HDP Herrien Alderdi Demokratikoko hamabi parlamentari kurdu atxilotu zituen Turkiako Poliziak Atxilotutakoen artean, Ayla Akat Ata eta Gultan Kisana daude, jardun-politikoan dabiltzan bi feminista. Erasoaldi honetan, bereziki, KJAren aurkako eta emakume militanteen aurkako oldarraldia salatu nahiko genuke.
Azken 15 hilabeteetan 100 bat emakume kurdu torturatu eta atxilotu dituzte. Erresistentzia eta antolakuntza oinarri izanik, Kurdistango emakumeak borrokan jarraitzen dute, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik.
Hau gutxi balitz, azaroaren 13an 370 emakumeen elkarte turkiar eta kurdu itxi egin zituen Turkiako gobernuak larrialdi-egoeraren aitzakiapean. Horien artean daude: KJA (Emakume kurdu askeen kongresua) VAKAD (Van emakumeen elkarte), Rainbow Emakume elkartea, Selis Emakume elkartea, Muş Emakume etxea, Bursa Panayır emakumeen elkartasunerako elkartea, Adıyaman Emakume elkartea edota Ceren Emakume elkartea. Turkiako Emakume Mundu Martxak bilera egiten zuen egun bera baliatu du Erdoganen gobernuak elkarte guzti hauek ixteko.
Euskal Herriko Emakume Mundu Martxatik Turkiako gobernuaren errepresioa gogor gaitzetsi eta gure babes eta elkartasuna adierazi nahiko genieke bere eskubideen alde eta indarkeria patriarkalen kontra borrokan dabiltzan emakume guztiei. Elkartasun internazional feministaren deia zabaltzen dugu Turkiako erregimen autoritario, matxista eta hertsatzaile horri aurre egiteko.
Emakumeen mundu martxa ezin duzue isilarazi!
GORA BORROKA FEMINISTA!