Bilatu edukietan

Zein da Martxaren jatorria?

Quebeceko emakume mugimenduak Ogiaren eta Larrosen martxa egin zuen 1995ean, eta hamar egunez 15.000 lagunek hartu zuten parte bertan. Baina babesa ez zuten Québec bertako jendearengandik soilik jaso, nazioartean ere eragin handia izan zuen martxak. Hori dela eta, 2000. urtean deialdia zabaltzea erabaki zuten, eta martxa hau mundu mailan egitea, demokrazia, itxaropena, berdintasuna eta bakea aldarrikatzeko.

Zergatik antolatu zen?

Emakumeak zirelako politika neoliberal basatien biktima nagusiak, eta herrialde askotan emakumeak zirelako oinarrizko eskubideen alde borrokan ari zirenak. Gainera, emakumeen kontrako indarkeria areagotzen ari zen eta errealitate guzti horiei aurre egin beharra zegoen.

Zer aldarrikatzen zuen?

Martxak mundu osoko feministak batzen zituzten bi gaiei heldu zien: pobrezia eta indarkeria sexista. Baina ez ziren horretara mugatu, eta besteak beste, formazio eta hezkuntza plan oso eta integral bat garatzeko beharra aldarrikatu zuten, kontzientzia feminista aktibatu zedin. Eta helburu taktikoago bat ere ezarri zen: munduan sare feminista bat sortzea, modu globalean zein lokalean eragin zezan.

Noiz eta non hasi zen Emakumeon Mundu Martxa?

2000. urteko martxoaren 8an abiatu zen Quebec eta Genevan, eta New Yorken amaitu zen. Honek, Euskal Herrian ere izan zuen eragina, plataforma anitz bat osatu baitziten 44 talde inguruk. Ekainaren 17tik urriaren 7ra bitartean ekintza ugari egin ziren Euskal Herriko hainbat txokotan: antzerkiak, idazleen egunak, mobilizazioak… Eta Donostian eman zitzaion amaiera manifestazio nacional batekin. Era berean, hainbat udaletxetan atxikimenduak lortzeko mozioak ere aurkeztu ziren, eta Bruselara martxa antolatu zen, Europako mobilizazioa babesteko.

Lortutako eragina eta jasotako babesa ikusita, bost urtean behin mundu-ekintza handi bat egitea erabaki zen.

Zer ekintza eremu jorratu zituen?

Hainbat herrialdetako milaka emakume mobilizatu ziren, honako lau ekintza-eremu hauen baitan egindako eskakizun eta proposamenak babesteko:

  1. Guztion ongizatea eta elikadura burujabetza
  2. Bakea eta desmilitarizazioa
  3. Emakumeen lan ikusgarria eta ikusezina
  4. Emakumeen kontrako indarkeria, horien gorputzak, bizitza eta sexualitatea kontrolatzeko tresna modura

Hainbat herrialdetan egindako eztabaida prozesu luze baten ostean, “Gizateriarentzat Emakumeen Gutuna” adostu zuten 2004ko abenduan Kongon. Urte horretan, New Yorken hasi zen Martxa, eta iraun zuen hilabeteetan herrialdez herrialde pasatu zuten Gutuna, lekuko moduan.

Eta Euskal Herrian?

Bigarren Nazioarteko Ekintzari babesa emateko, Euskal Herrian helburu zehatz bezain anbiziotsua jarri genuen 2003an: Mundu Gutuna oinarri hartu, , herriz herri eztabaida prozesu bat egin, eta “Euskal Herriko Emakumeen Eskubide Gutuna” sortzea.

Martxak arrakasta itzela izan zuen Euskal Herrian. Bost egunez (maiatzaren 24tik 28ra), aldarrikapen feministaz jositako autobus more batek, herri eta hiriak zeharkatu zituen emakumeon oinarrizko euskubideen urraketak salatzeko.

2007an geure Gutuna onartu genuen eta hori jendartean zabaltzeari ekin genion. 2010ean Martxa antolatu zen berriz, baina modu apalagoan, eta noski, “Euskal Herriko Emakumeen Eskubide Gutuna” oinarri hartuta. Esan beharra dago, mobilizazio eta atxikimendu kopurua jaitsi egin zela, baina plataformak lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuen, gaur arte egin duen moduan.

Azken urteotan hainbat prozesutan parte hartu dugu, mundo mailako aldarrikapen nagusietatik abiatuta. Indarkeria sexistari dagokionean, adibidez, 24 orduko ekintza-protokolo bat adostu dugu Euskal Herri mailan, erasoei erantzun bateratu bat emateko, eta bide batez, herriz herri gaia lantzeko.

Era berean, prekarietatea eta pobrezia ardatzaren baitan hainbat ekintza egin ditugu. Azpimarragarriena azken greba orokorretan geure aldarrikapen propioak egin izana zaintza greba aldarrikatuta.