Nazioarteko Topaketaren bigarren egunean kontinenteka banatuta egin dugu lan. Emakumeon Mundu Martxaren urte hauetako balantzea egitea zen helburua; indarguneak eta ahulguneak identifikatu dugu eta bidean ikasitakoari eman diogu garrantzia. Atzera begirako horren ostean, egun Mundu Martxak dituen egiturak aztertzeari ekin diogu eta koordinazioa hobetu beharra dugula ondorioztatu dugu; mundu mailako mugimendua izanik, ez baita erreza askotan koordinatuta lan egin eta aliantzei eustea.
Eta nola ez, aurrera begirako erronkak ere markatu ditugu, eta erronka horiek bete ahal izateko estrategietan pentsatzen hasi gara. Alde batetik, belaunaldi berrien parte hartzea handitzeko beharra ikusten da, belaunaldi gazteenek presentzia gehiago izan behar dute Mundu Martxan. Aliantzei ere garrantzia berezia eman diegu, martxaren lan ilgdoak konpartitzen dituzten mugimenduekin aliantzak estutu behar ditugu, horien artean, Via Campesina eta Amigas de la Tierra mugimenduak aipatu dira. Azkenik, formazio prozesu iraunkor bat martxan jartzea erabaki dugu, politikoki janzten eta formatzen joan gaitezen.
Arratsaldean, berriz, mahaingurua izan genuen Hika Ateneon, euren lurraldeetan erresistentzia feminista aurrera nola eramaten duten kontatu ziguten Kenya, Palestina eta Estatu Batuetako delegatuek. Nola ari diren emakumeak eraso inperialista eta neoliberalen aurrean erantzuten eta alternatibak eraikitzen.
Argazkiak: @EcuadorEtxea