Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa

Bost urte bete dira Parisen Kurdistango hiru ekintzaile politiko hil zituztela

Duela 5 urte Sakine Candiz, Fidan Dogan eta Leyla Soylemez, guztiak ekintzaile kurduak, erail zituzten Parisen. Horrezkero, Estatu Frantsesak ezer gutxi egin du PKKren sortzaileetariko baten, Kurdistango Kongresu Nazionalaren ordezkari frantziarraren eta emakume gazteen mugimenduko kide baten hilketa politikoak argitzeko.

Kurdistango Askapen Mugimenduarekin izandako konpromisoagatik ez ezik, fronte orotan emakumeen askapena bultzatzeko borrokatu zirelako ere nabarmendu ziren hirurak. Praktikan zein teorian. Izan ere, herri kurduaren askatasuna ez da lortuko emakumeak askatzen ez badira. Gauzak horrela, hirurek bultzatu zituzten emakumezkoen antolakunde autonomoak ahalduntzeko tresna moduan, eta zer esanik ez ordezkaritza parekidearen beharra eremu guztietan: erakundeentan, autodefentsan, komunaletan eta ekonomian.

Hiru kide hauen garrantzia aintzat hartuta eta froga ugari egon arren, epaiketak ez du emaitzarik eman. Nahiz eta, Holandako poliziak ustezko hiltzailearen eta zerbitzu sekretu turkiarren arteko harremana azpimarratu. Esan zutenaren arabera, akusatu nagusia, Ömer Güney infiltratua, bat-batean hil zen epailearen aurrean deklaratu baino lehen. Edonola ere, agintari frantziarrek ez dute interesik erakutsi zerbitzu sekretu turkiarren haritik tiratzeko, eta are gutxiago erailketa horien eta PKK-k eta Erdoganen gobernuak izan zuten bake prozesuaren artean zegoen erlazioa ikertzeko.

5 urteren ostean, beste behin, Mendebaldeko herrien konplizitatea salatu behar dugu  -kasu honetan, Estatu Frantsesarena-, gerra zikinarekin eta Kurdistango Askapen Mugimenduaren aurkako bortizkeriarekin. Halaber, beharrezkoa da nabarmentzea Turkiak zigor eta probokazio operazioak egiten dituela iraultzaile kurduen aurka, ez bakarrik Europan edo bere lurraldean, Basurren (Irakeko Kurdistanen) edo Rojavan (Siriako Kurdistanen) ere inpunitate osoa du. Zonalde hauetan ugariak dira ekintza militarrak, bonbardaketak eta ezegonkortasuna sortzeko operazioak.

Azkenik, Kurdistanen zein Parisen hildkao kideak oroitu nahi ditugu. Eta Kurdistanera bakea eta justizia eraman nahi duen edozein konponbidetan indar iraultzaile kurduen partaidetza ezinbestekoa dela uste dugu.

 

Herri Kurduarekin Elkartasun Ekimena eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *